Lonja, itsasorako lanean

lonja_kartela_

LONJA erakustaretoa Untzi Museoko behe solairuan kokatzen da. Albaolak dinamizatutako espazio bizia da eta San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza prozesuarekin zerikusia duten hainbat tresna eraiki, gorde eta erakusten dira bertan: upelak, arraunak, txalupak, etab.

Untzi Museoa hartzen duen eraikina Donostiako Kontsulatuak XVIII. mende erdialdean eraiki zuen. Dorretxea portuko jarduera kontrolpean izateko eta zerbitzu batzuk emateko sortu zen. Kontsulatuaren 1766ko Ordenantzen arabera etxe honetan bizi ziren Kaiko Tenientea eta haren bedela. Tenientearen eginkizuna badian edo inguruetan zeuden eta zailtasunak zituzten itsasontzi guztiei laguntza ematea zen, merkataritza itsasontziak nahiz gerraontziak. Horretarako, biltegi bat zeukan, eta bertan, kableak, kalabroteak hainbat soka, eta mota guztietako aingurak eta aingura txikiak zeuden. Era berean, “txalupa handia” zeukan, beti prest egon behar zuena, beharrezkoa zenean eta denboralea zegoenean laguntza ematearren.

Dorretxearen jatorrizko eginkizunetako bat berrekuratzeko asmoz, Untzi Museoak LONJA izeneko espazio hau irekitzen du, bertan maniobra eta nabigaziorako hainbat tresnak ekoitzi, gorde eta erakutsiko direlarik: sokak, arraunak, mastak, txalupak, etab.

Era berean, gune honek Pasaian, Albaola Itsas Kultur Faktoria bultzatzen ari den San Juan baleontziaren erreplika zehatzaren eraikuntza proiektuarekin zuzenean lotzen du Untzi Museoa. Gaur egun, itsas historia eta ondarearen berreskuratze eta ezagutza arloan mundu mailan aurki dezakegun ekimenik nagusienetako eta garrantzitsuenetako bat da. Historian lehenengo aldiz XVI. mendeko nao edo galeoi baten erreplika zehatza eraikitzen ari dira. Untzi Museoa ezin daiteke garatzen ari den gertakari historiko honetatik at geratu. Helburu honekin, LONJA guneak tailer bat hartzen du, non San Juan baleontziak eramaten zituen lumera garraiatzeko upelen erreplikak eraikiko diren, publikoaren aurrean.

Hau dela eta, Untzi Museoak Albaolarekin bat lan egingo du, itsas jarduerei loturiko ofizio zaharrak berreskuratzeko, balioan jartzeko eta zabaltzeko, besteak beste, upelgintza, ontzigintza, etab. Gainera, parte hartzeko interesa duten pertsona guztiek egin ahal izango dute, boluntario modura, Albaolako adituen gidaritzapean antolatuko diren tailerretan. Museoak jakintza honen gizarteratzea bermatzeko lan egingo du.

Gune dinamikoa eta bizia bezala sortzen den LONJA erakustaretoak Museoa, gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana hedatzeko eginkizunean, ekipamendu irekia, jendearengandik hurbila eta aktiboa izaten lagunduko du. Albaolarekin sortutako elkarkidetza honen bidez, Museoak beste helburu nagusienetako batekin aurrera doa: kanpo-harremanen sare bat osatzea, Museoa erreferentzia izan dadin euskal itsas historiari eta kulturari lotutako ekimenen artean.

Sarrera bateratua Albaola + Untzi Museoa:

Lankidetza hau indartzeko asmoz, sarrera bateratua diseinatu da bi ekipamendu kultural hauen bisitatzeko:.

  • Sarrera bateratua orokorra: 7,00 €
  • Sarrera bateratua murriztua: 5,00 €

LONJA aretoaren dinamizazioa eta kultura programa

Erakustaretoari lotuta, urtean zehar garatuko den kultura programa izango da. Honen dinamizazioaz Albaola arduratuko da. Horrela, antolatuko dira:

  • Helduei zuzenduriko tailer espezializatuak: arraunak, kupelak… eraikitzeko.
  • Taldeei zuzenduriko tailerrak (ikastetxeak, aisialdi taldeak, euskaltegiak etab.
  • Familiei eta haurrei zuzenduriko jarduerak.

Bolondres programa

LONJA aretoa dinamizatzeko, Albaolak duen boluntario Sarea Untzi Museoaren dinamikan txertatuko da.

Gainera, interesa duten persona guztiek bolondres modura parte hartu ahal izango dute areto hau dinamizatzen, San Juan baleontziaren kupelen erreplikak eraikiz.

    Contacto

    Museoa bisita ezazu

    Asteartetik larunbatera:
    10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara

    Igande eta jaiegunetan:
    11:00etatik 14:00etara.
    16:00etatik 19:00etara (ekainaren 15etik irailaren 15era)

    Abenduaren 24 eta 31ean:
    10:00etatik 14:00etara

    Astelehenetan itxita.
    Urtarrilaren 1, 6 eta 20an, eta abenduaren 25ean itxita.

    Ordutegia, tarifak, taldeak...

    Facebook Youtube Twitter Flickr

    Untzi Museoa - Museo Naval
    Kaiko pasealekua, 24 - 20003 Donostia (Gipuzkoa).
    Tel.: +34 943 430051. Fax.: +34 943 431115
    E-mail: mnaval@gipuzkoa.eus

    gipuzkoa.net
    © 2018 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia ·